| A | B | C | D | E | F | G | H | I | J | K | L | M | N | O | P | R | S | T | U | V | Z |
OSO EDERRA IZAN ZEN
|
BI + BI EZ ZIREN HOGEITA SEI BAIZIK Xabier Galarreta, 2002
Hezurkiak nonahi sakabanaturik,
lurrari kolatuta,
hantxe inmolatu izan balituzte bezala;
noizean behin, lurra inarrosi egiten zen
baina hezurkiek lur azalari
tinko atxikita zirauten.
Ilundegian eroriak ginen
eta izotz geziek zeharkatzen zuten
gure haragi zimel eta beratza,
poliki-poliki haragi-puskak
gorputzetik jaulgitzen hasi zitzaizkigun arte.
Ahotik hitzak eta organuak ere
jario zitzaizkigula,
gure desira nahikotzea erabaki genuen
eta requiem-ari ez genion jaramonik egin,
sorgin belarra obratzen hasita baitzegoen.
Yuppyen lepotik barre handiak egin eta gero,
Espainiako Banketxe Nagusian
sartu ginen
gu geu baikinen Zuzendari Nagusiak.
Gure oroitzapenen sakanean
bi + bi ez ziren
hogeita sei baizik,
jende saiatua ginen eta
euskaldun peto-petralak!.
Ibaiko urak gure nahasmenduaren ispilu?
iseka artean jaisten ziren bipil,
mendi garaiak betiko, penarik gabe,
atzean utzita.
© Xabier Galarreta |
|