| A | B | C | D | E | F | G | H | I | J | K | L | M | N | O | P | R | S | T | U | V | Z |
GAUR, BIHAR ETA ETZI
|
HAIN GELDI, HAIN LEUN DOA Xabier Lete, 2008
Hain geldi, hain leun doa
odolaren erretenetan zehar
gaueko musiken urrikalmendu zauritua...
maisuaren bisaia dakust
asmamenean zorrotz
Jainkoa gizonetatik desager ez zedin
harmonia harrigarrienetan trabatua,
arrena, goresmena, gurpena
izpirituaren arnasean sagaratuak,
zubi bat eraikiz sortzailea eta kreatuaren artean
zerbait haratagokoa aldarrikatuz
handia, maiestatez jantzia
baina gure bihotz minduetatik hain hurbila,
gizatasunaren barne-pleguetan
malko garbitzaile bilakatuz
eta jauzi eginez izate lurtarretatik infinitoetara,
joan zirenetaz mintzo den eresi zorabiatu hori
pena batek dirauenean erredimi ezina,
musika goiarnastuen dardarrek gaituzte antzaldatzen gaur
beste guztiaren arrastoa hutsean denean galtzen,
Bach bakarrik handi, eta hartan duinago gu.
© Xabier Lete |
|