| A | B | C | D | E | F | G | H | I | J | K | L | M | N | O | P | R | S | T | U | V | Z |
UBEL
|
LARRAZKEN Juan Mari Lekuona, 1990
Zuhaitzak biluzik orbelen ehorzketan.
Paseko hegaztiek eraskotako gezi-burrundez
imandu zuten transumantziaren orratza,
erriberantzetako irrika zainetan burbuilatuz.
Larreko seme-alabak abelbideetan
barrena ibai epelaren kalostroetara.
Udazkenak hona ezarri bere eko-
-susmoa. Bustia du arau: lur usaina,
lanbroen zurbila, haizearen eskala
kromatikoa. Itsasoaren tailerretako ederkera.
Elurra ehule bortuetan: mihisak
zabaltzen ari ifarreko oreina
zuriari, gorostizko leran ekar
dezan, negu-lorearen opaloa.
Erosta-aire bat edonon. Paisaiako
ikatzetan. Eguzkiaren errepidea ardatz
duten tumuluetan. Bixkarrez-bixkar atondu-
tako lur harrotuen katafalko nabarskan.
Eta harkaitzetan iraupenak sorturiko gogoz
hil-kamerako atseden megalitikoa. Loa.
© Juan Mari Lekuona |
|