| A | B | C | D | E | F | G | H | I | J | K | L | M | N | O | P | R | S | T | U | V | Z |
BERDIN DA MENDEBALDEA ETA EKIALDEA
|
EZINEZKOA DA AHANZTEA Felipe Juaristi, 2004
Ezinezkoa da ahanztea.
Heriok bakarrik ahantz dezake.
Ezinezkoa da itxarotea;
denbora denak bakarrik itxaron dezake,
eta denborari denbora gehiago eman,
eta denborari arrosazko ohea jarri.
Bada betiraundea,
gogogabe eta nekez beterik
zabaltzen den oraina.
Ai, izatearen zoritxarra!
Infinitua nahi
bere gorputz hilkor eta mugatuarentzat.
Argi iheskor eta ahularen urruntasuna
bizi da gugan, ordea,
eta hustu egiten gaitu.
Ezinezkoa da desiratzea,
sekula ez da guztiz desiratzen
eta sekula ez da guztiz lortzen
desiratu izan dena.
Desiratzea itxarotea da,
desiratzea ahanztea da,
desiratzea hiltzea da
desira izateari utzi
eta dohain argitsu
bihurtu den unean.
Desiratzea da
desiratu den horretan
guztiz berpiztea.
© Felipe Juaristi |
|